XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.3. SUBERAKETA

Material metalikoei aplikatzen zaizkien biguntze-tratamendu termikoak suberaketa-tratamendutzat hartzen dira.

Tratamendu hauek hotzetako konformazioa ala mekanizazio-prozesuak errazteko erabiltzen dira.

Beste kasu batzuetan, propietate mekanikoak, elektrikoak eta magnetikoak hobetzeko ala piezaren dimentsioak egonkorragoak izan daitezen kontutan hartzen dira tratamendu-mota hauek.

Tratamendu-tenperaturaren ikuspuntutik, suberaketa ondoko taldeetan banatzen da: austenitizazio osoa, austenitizazio ez-osoa eta tratamendu azpikritikoak.

Lehenengo bi kasuetan, austenita osoa transformatu arte, hozketa oso mantsoa izaten da.

Horrela austenita tenperatura altuetan transformatuta, ferrita eta perlita (perlita larria) ala ferrita-matrizean zementita globular larria sakabanatuta sortzen da.

Hirugarren kasuaren barnean, hau da, suberaketa azpikritikoan, hotzetako konformaziorako xaflei aplikatzen zaien birkristaltze-suberaketa kontsideratuko da.

Beste suberaketa azpikritikoei buruzko zenbat adierazpen 7.2.3. atalean emango da.

4.3.1. Austenitizazio osoko eta ez-osoko suberaketa-egiturak

Tratamendu hau altzairuen mekanizagarritasuna hobetzeko erabiltzen da, adibidez.

Nahiz eta karbono gutxiko altzairuentzat (% C amplt; 0,3) mekanizatzeko egitura egokiena normalizazio baten bidez lortutakoa izan, altzairuaren karbono-edukina % 0,3 eta % 0,6 bitartekoa denean, egokiena perlita larriaz osatutako egitura da eta % C ampgt; 0,6 denean, zementita globularra duen egitura da aproposena.

Austenita gero eta homogenoagoa baldin bada, hoztuta lortzen den egitura gero eta orritsuagoa izango da.

Beraz, austenitizazio osoa erabiltzen denean, ferrita eta perlita orritsuz osatutako egitura lortzea izaten da helburu nagusia.

Dena den, austenita homogenoa lortzeko Ac3 tenperaturaren gainetik igotzea ez da nahikoa izaten.

4.14. irudian erakusten denez [4.13], altzairu baten kasuan austenita guztiz homogenoa izateko tenperatura altuak eta denbora luzeak konbinatu behar izaten dira.

Beraz, karburoak guztiz disolbatzeko lan handia egin behar da eta hori lortu ondoren, arazo berdina izaten da austenitan azaltzen diren karbonoaren heterogenotasunekin.